XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

HB: PSOE parte ez den bitartean elkarrizketak balio gutxi du

Jon Idigoras HBko Mahai Nazionaleko eledunak atzo berretsi zuen positiboa dela indar politikoen artean elkarrizketarako bideak irekita irautea.

Gure ustez, gatazkaren irtenbidea elkarrizketatik bakarrik etor daiteke, eta ez jarrera itxietatik, zehaztu zuen.

Idigorasek ziurtatu zuen Ajuria Eneako Ituneko zenbait alderdik HBrekin hitzegiteko adierazi duten prestutasunak arrazoi bakarra daukala: Alderdi hau baztertzeko itunen taktikak huts egin duela ikusi dutela, atzo igorritako ohar batean adierazi zuenez.

Ongietorria ematen diogu errealismo puntu horri, guk beti jakin dugulako guregana etorriko zirela hitzegitera, Gobernuak ETArekin hitzegiten eta negoziatzen amaituko duen bezala esan zuen HBko buruzagiak.

Disimulatu arren -erantsi zuen-, ezker abertzalearen indarrak mugiarazi ditu.

Halere, EA eta EAJ PSOEren menpe daudela eta mugitzeko ahalmena murriztua dutela ziurtatu ondoren, sozialistak elkarrizketan parte hartzen ez duen bitartean zerbaitetarako balio izateko aukerak oso mugatuak direla erantsi zuen HBko buruzagiak.

Horrexegatik, dei egin zion PSOEri jarrera aldatu eta elkarrizketan parte hartzeko.

EAJ-REN JOKABIDE BIKOITZA.

Jeltzaleekiko kontaktuak direla eta, zuhurrak izan eta itxurei edo gogoei barik gertakizunei lotzea eskatu zuen Idigorasek.

EAJk, adibidez -esan zuen-, elkarrizketaz hitzegitearekin batera ezker abertzalea erasotzeko dinamikarekin eta gatazka zibilerako deiekin segitzen du.

EAJk jarrera aldatzen ez duen bitartean bidea gaitza da.

Beste alderdiek izan duten kontrako erreakzioa argitzeko Idigorasek alderdikeria argudiatu zuen.